Ordainketak zatikatzea

Zorren ordainketa atzeratzeko (epe bat) edo zatikatzeko (hainbat epe) eskatu ahal izango dute zergadunek, beren ekonomi eta finantza egoerak aldi batez betebehar ekonomikoei aurre egitea galarazten badie, eta udalaren esku egongo da eskabidea onetsi ala ez.

  • Zorren ordainketa atzeratzea: hasierako ordainketa-epea igaro ondoko une jakin batean kitatu beharko da zerga-zorra, ordainketa bakarrean.
  • Zorren ordainketa zatikatzea: zerga-zorren ordainketa hainbat kuotatan banatuko da, ordainketa-epearen baitan.

Nork | Zer | Betebeharrak | Dokumentazioa | Ondorioak | Araudia | FAQs | Izapidetzea

Nork

Une jakin batean, likidezia arazoak direla eta, zerga-zorraren ordainketari aurre egin ezin dioten pertsona fisiko eta juridikoei zuzendua dago.

Zein zor zatikatu edo atzeratu daitezke?

Zerga zorren eta izaera publikoko bestelako zorren ordainketa atzeratu edo zatikatu ahal izango da, urbanizazio kuotena izan ezik, bai borondatezko aldian, bai betearazte aldian, baldintza hauekin:

  • Zorrak atzeratu edo zatikatu nahi direlarik horietako zenbait dagoeneko betearazte aldian badaude, guztiak atzeratu edo zatikatzeko eskatu beharko da, salbu eta lehendik bermatuta, zatikatuta, atzeratuta edo -eskabidea egiten den unean artean ebatzi gabe dagoen errekurtsoren bat dela medio- etenda daudenak. Guztiak batera izapidetu beharko dira.
  • Azken urteko edozein zatikatze edo atzeratze ez ordaindu izanak beste edozein zor atzeratu edo zatikatzeko eskabidea ez onartzea ekarriko du berekin.
  • Ezingo da zor bera aldi berean atzeratu eta zatikatu.
  • Interesdunari onartzen zaion zatikatze edo atzeratzearen indarraldian, zor osoa nahiz zati bat konpentsatzerik izango da epe berean haren alde aitortzen diren ordainketa, itzulketa, kreditu edo eskubideak horretarako baliaturik.

Betebeharrak

Ordainketa atzeratzen edo zatikatzen delarik, ekitaldi ekonomiko bakoitzean legez zehazten den interesa sortuko da.

Bermeak eskatuko dira, irizpide hauen arabera:

  • Zatikatzea: zorra 18.000 eurotik gorakoa bada eta zatikatze aldia 18 hilabetetik gorakoa.
  • Atzeratzea: zorra 6.000,01 eurotik 10.000ra bitartekoa bada.

Zenbateko nagusiari eta interesei bien baturaren % 25 -eta, dagokionean, gainordaina- gehitzetik ateratzen dena estali beharko du bermeak.

Gehienez 20 eguneko epean aurkeztu beharko da bermea, ordainketa atzeratu edo zatikatzea onartzen deneko ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatuta.

Zatikatzeak

Gehienez, 24 hilekotan zatikatu ahal izango da zorra, irizpide hauen arabera:

  • 1.500,00 euroko edo hortik beherako zorra bada, gehienez 12 hilekotan.
  • 1.500,01 eurotik 3.000ra bitarteko zorra bada, gehienez 18 hilekotan.
  • 3.000,01 eurotik gorako zorra bada, gehienez 24 hilekotan.

Ordainketa zatikatzen delarik, kuotak ezingo dira izan 30 eurotik beherakoak.

Atzeratzeak

Gehienez 12 hilabetez atzeratu ahal izango dira 350 eurotik 10.000ra bitarteko zorrak, irizpide hauen arabera:

  • 350 eurotik 3.000,00ra bitarteko zorra bada, gehienez 6 hilabetez.
  • 3.000,01 eurotik 6.000ra bitarteko zorra bada, gehienez 9 hilabetez.
  • 6.000,01 eurotik 10.000ra bitarteko zorra bada, gehienez 12 hilabetez.

Ezingo dira atzeratu 350 eurotik beherako zorrak, ezta 10.000tik gorakoak ere.

Dokumentazioa

Borondatezko aldian dauden zorrak izanik, edozein unetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak, ordaintzeko ezarri den epearen barruan, edo zergadunak autolikidazioa aurkezten duen unean bertan.

Betearazte aldian dauden zorrak izanik, berriz, edozein unetan, zergadunari bahitutako ondasunak besterenduko direla jakinarazi aurretik.

Aurkeztu beharreko agiria:

  • Zorrak zatikatu edo atzeratzeko eskabide-eredua
  • NAN, AIZ, IFZ edo pasaportea
  • Ordezkatze ahalmena jasotzen duen agiria, behar izanez gero
  • Atzeratzeko edo zatikatzeko eskatzen den zorraren identifikazioa
  • Atzeratzeko edo zatikatzeko eskabidearen arrazoiak
  • Eskatzen den atzeratze edo zatikatzearen epeak eta bestelako baldintzak
  • Eskaintzen den bermea
  • Banku-helbideratzea

Organo eskudunak egokitzat jotzen duen beste edozein agiri edo egiaztagiri eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

Ondorioak

Eskabidea aurkeztearen ondorioak

Borondatezko aldian aurkezten bada, betearazte aldia abiaraztea ekidingo du, baina ez berandutze interesak sortzea.

Betearazte aldian aurkezten bada, berriz, premiamendu prozedurarekin jarraitu ahal izango da, zatikatzea edo atzeratzea izapidetu bitartean. Nolanahi ere, ez da bahitutako ondasunak besterentzeko jarduerarik gauzatuko harik eta ordainketa atzeratu edo zatikatzeko eskabideari ezezkoa ematen dion ebazpena jakinarazi arte.

Orobat ekarriko du berekin eskabidea aurkezteak atzeratzea edo zatikatzea indarrean den bitartean norberaren alde onesten diren kredituak zorra konpentsatzeko balia daitezela onartzea.

Ez ordaintzearen ondorioak

Azken urtean ordainketa ez egin izanak zorra zatikatu edo atzeratzeko eskabideari ezezkoa ematea ekarriko du berekin.

Bermerik ez duten zerga-zorrak baldin badira:

  • Zorraren ordainketa atzeratu ondoren ez bada borondatezko aldian ordaintzen, premiamendu bidetik galdatuko da ordaintzeke dagoen kopurua, dagozkion gainordainak eta interesak gehituta.
  • Betearazteko aldian dagoen zorra, atzeratu ondoren, ez bada ordaintzen, premiamendu prozedurarekin jarraituko da, eta besterik gabe ekingo zaie bahitze jarduerei.

Bermea duten zerga-zorrak badira:

15 eguneko epean gauzatuko da hura, betearazte errekerimendua egiten den egunaren biharamunetik kontatuta.

Araudia

  • Arabako Zergei buruzko 6/2005 Foru Arau Orokorra
  • Araba Lurralde Historikoko Diru-bilketa Araudi Orokorra ezartzen duen 48/1994 Foru Dekretua
  • Zergen eta zuzenbide publikoko bestelako diru-sarrera lokalen kudeaketa, bilketa eta ikuskaritzari buruzko ordenantza orokorra

Izapidetzea

Zuzeneko izapidetzea
Online izapidetzea

Atención online Online izapidetzen hasi (honako tramite hauek):

Posta elektroniko bidezko izapidetzea

Aurreko 4 tramiteak posta elektroniko honetan: hacienda@vitoria-gasteiz.org

Oharrak

Izapideari buruzko edozein zalantza argitzeko Herritarrei Laguntzeko Bulegoetara, edo San Martineko udal bulegoetara jo dezakezu.. Bestela, 010 informazio telefonora (945 16 11 00) deitu.

Agiriak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4. artikuluan ezarritako moduan bidali ahalko dira: aurrez aurre, legeak xedatutako bulego eta erregistroetako edozeinetan, edo posta bulegoen bidez.

Datuen Babesaren Araudi Orokorra betetze aldera, Gasteizko Udalaren pribatutasun-politika kontsulta daiteke, zeinen helburua baita webgune honetan eta beraren edozein azpidomeinu, mikrosite edo aplikazio mugikorretan, bai offline bai online jasotzen diren datu pertsonalen bilketa eta tratamendua arautzen duten baldintzak ezagutaraztea.