Egoitza elektronikoa - Galdera ohikoenak

1.  Zer da egoitza elektronikoa?
Egoitza elektronikoa telekomunikazio-sareen bitartez herritarren eskuetara jarritako helbide elektronikoa da, betiere administrazio publiko jakin batek (kasu honetan Gasteizko Udalak), bere eskumenen jardueran ari delarik bideratua. Administrazio publiko horri dagozkio egoitza elektronikoaren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa. Egoitza elektronikoak bermatu egin behar du bere bitartez eskuratu daitezkeen informazio eta zerbitzuen segurtasuna eta integritatea, baita egiazkoak direla, eta eguneratu egiten direla ere.
2.  Zertarako balio du egoitza elektronikoak?
Egoitza elektronikoa herritarrek administrazioaren informazio eta online zerbitzuak eskuratzeko duten sarbidea da, informazio eta zerbitzu horiek eguneratuta eskuratu ahal izateko eta –aukeran– pertsonalizatuta.
3.  Zeinentzat da Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoa?
Pertsona juridikoentzat eta edozein herritarrarentzat, 18 urte baino gehiago baditu eta administrazioarekin interneten bidez kudeaketak edo izapideak burutu behar baditu. 18 urtetik beherakoek berariaz adierazten diren izapideak baino ezingo dituzte burutu.
4.  Noiz egoten da operatibo egoitza?
Egoitza elektronikoa eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan egoten da martxan. Inoiz, zerbitzu geldialdiren bat izan daiteke mantentze lanak egiteko. Ikusi Oharra: Egoitza elektronikoaren zerbitzua etetea
Kasu horietan egoitza alternatibora bidaliko da herritarra automatikoki, https://www.vitoria-gasteiz.net helbidera, hain zuzen, eta bertan momentu horretan burutu nahi diren kudeaketak egiteko aukerak zeintzuk diren azalduko da (010, herritarrei laguntzeko bulegoak...).
5.  Ezintasun fisiko edo psikikoak dituzten pertsonak erraz sar daitezke egoitza elektronikoaren web-gunean?
Egoitza elektronikoak, Udalaren web-orriak bezala, oso sarbide erraza dauka urritasunen bat duten pertsonentzat. Helburu horretarako, W3C-k definitutako arauek diotenari jarraitzen dio Udalak; web-orrien sarbidea erraza izan dadin estandarrak arautzen dituen nazioarteko erakundea da hori.
6.  Helbide elektroniko bera dute egoitza elektronikoak eta Udalaren web-orriak?
Udalaren web-orriak honako helbidea du: http://www.vitoria-gasteiz.org , eta egoitza elektronikoak, berriz, honakoa: https://sedeelectronica.vitoria-gasteiz.org
7.  Izapideak burutu ditzaket egoitzan, igande eta jai egunetan?
Bai, urteko egun guztietan burutu daitezke izapideak egoitza elektronikoan, baina igande edo jai egunetan (egoitzaren egun baliogabeen egutegian hala ezarrita dagoenean) eginez gero, izapidearen data balioduna hurrengo egun baliodunarena izango da. Egoitzaren egutegi ofiziala ikusi.
8.  Zein ordu da baliodun izapidea kudeatzen denean?
Hura bukatu den eguna eta ordua jasoko du izapideak. Adibidez, izapidea 23:55ean hasi baduzu, baina amaitu duzunean 00:50 badira, amaitu duzun eguna eta ordua izango du izapideak.
Indarrean dauden legeekin bat, egoitza elektronikoaren eguna eta ordua Armadaren Errege Institutu eta Behatokiarekin sinkronizatzen da. Egun eta ordu ofiziala ikusi
9.  Ingurune segurua da egoitza elektronikoa?
Egoitza elektronikoa ingurune segurua da. Bertan informazioa zifratua dago, horregatik helbidearen hasiera beti izaten da https://, hau da, https://sedeelectronica.vitoria-gasteiz.org
Inork egoitza elektronikoaren helbidea idaztean, nahi gabe, http:// jartzen badu hasieran, https:// jarri beharrean, mezu bat aterako zaio non esaten baitzaio ez dela zuzen sartu egoitzara eta, automatikoki, ingurune segurura (https://) birbidaliko da.
10.  Zeintzuk dira egoitza elektronikoaren segurtasun bermeak?
Egoitza elektronikoan informazioa zifratua dago, horrela norabide bietako komunikazio segurua bermatzen da. Gainera, kudeaketa eta izapideek eskatzen dutenean herritarrek ematen dituzten datu pertsonalak konfidentzialtasun osoz tratatzen dira, eta beharrezko neurriak hartzen dira horiek aldatu, galdu, baimendua ez dagoen tratamendua eman edo baimendua ez dagoen inork ikus ditzan ekiditeko, Datu pertsonalak babesteari buruzko lege organikoaren zein hura garatzeko araudiarekin bat.
11.  Nola ezartzen da egoitza elektronikoaren erabilera edo araudia?
Gasteizko Udala izango da egoitza elektronikoaren titularra, kudeatzailea eta administraria, bere eskumenen barruan. Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 legeak dioena betetzen da egoitza abian jartzean, eta haren garapena Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoa arautzen duen ordenantzarekin bat egiten da
12.  Identifikazio digitalerako zein baliabide erabili behar dut egoitza elektronikoarekin konektatzeko?
Egoitzan sartzeko beharrezkoa da identifikazio pertsonaleko txartela edukitzea, adibidez, Herritarren Udal Txartela (HUT), Gasteizko Udalak emandakoa; Izenpe txartela, EAEko erakundeak ziurtatua, edo NAN elektronikoa, nortasun agiria egiten duten bulegoetan eska daitekeena.
13.  Kudeaketa berberak egin ditzaket egoitza elektronikoan udal txartela, nortasun agiri digitala edo IZENPE ziurtagiri digitala baliatua?
Nortasun agiri elektronikoak eta IZENPE ziurtagiri digitalek mota guztietako eragiketak egitea ahalbidetzen dute Gasteizko Udaleko egoitza elektronikoan. Herritarren Udal Txartela, berriz, egoitza elektronikoan erabili ahal bada ere, beste izapide batzuetarako, gaur gaurkoz, ezin da erabili, adibidez, erregistro elektronikoan.
Identifikazio txartel digitalei buruzko ohiko galdera gehiago ikusi
14.  Egoitzan izapide bat burutzen ari naizela mezu bat agertzen da eta saioa iraungi dela dio, baita izapide osoa berriro burutu behar dudala ere. Zergatik da hori?
Izapide elektronikoak egin daitezkeen ingurune gehienetan, erabiltzaileak identifikatu eta denbora luzea ematen badu bertan, saioa iraungi egiten da segurtasuna dela eta. Kasua hori denean, izapidearekin amaitzeko berriro identifikatu behar izaten da eta, batzuetan, prozesu osoa errepikatu.
Gomendioa: izapideak luze idaztea eskatzen duenean, saioa ez iraungitzeko, edukia aldez aurretik testu editore batean (adibidez Word-ean) idaztea egokia da, gero kopiatu eta egoitzaren espazioan itsatsi.
15.  Zeintzuk dira egoitza elektronikoan erabil daitezkeen nabigatzaileak?
Printzipioz edozein nabigatzailerekin erabil daiteke egoitza elektronikoa. Dena den, Microsoft Explorer, Mozilla Firefox eta Google Chrome nabigatzaileak erabiltzea gomendatzen da.
16.  Sakelakotik sar daiteke egoitza elektronikora?
Hainbat sakelakoren nabigatzaileekin egoitza elektronikora sar daiteke, smartphone (iphone, android, blackberry...) delakoekin, adibidez, baina eraginkortasun osoa Microsoft Explorer, Mozilla Firefox eta Google Chrome nabigatzaileek ematen dute.