Terrazak, aldi baterako itxitura dutenak nahiz itxiturarik gabeak, jartzeko lizentzia

Erabilera publikoko espazioetan -edozein delarik ere horien titulartasuna- terrazak, aldi baterako itxitura dutenak nahiz itxiturarik gabeak, jartzeko lizentzia eskuratzeko prozedura.

Dokumentazioa | Araudia | Izapidea hasi

Nork

Ostalaritza establezimenduen nahiz izozkiak saltzeko establezimenduen titularrek egin behar dute eskabidea, hori dutelarik jarduera nagusia.

Dokumentazioa

  • Terrazak, itxitura dutenak nahiz itxiturarik gabeak, jartzeko eskabidea.
  • Titularraren NANaren fotokopia, edo Europar Batasuneko kide den estaturen batek zerbitzu emaileari luzatutako antzeko egiaztagiriarena, edo lan-baimena eta egoitza-baimenarena, indarrean direlarik.
  • Ordezkari bidez jardunez gero, ordezkariaren NANaren edo agiri baliokide baten kopia, bai eta ordezkatze ahalmena egiaztatzeko agiri hauetakoren bat ere: notario ahalordetzea; agiri pribatua, notarioak legeztatutako sinadura duena; "apud acta" ordezkaritza, hau da, ordezkatua eta ordezkaria elkarrekin agertuta. Merkataritza sozietateen kasuan, nahikoa izango da sozietatea edo fundazioa eratzeko eskritura, eta elkarte zibilak zein ondasun komunitateak badira, eskritura edo eratze kontratua.
  • Hartuko den espazioa jabari pribatukoa bada, jabe elkartearen baimena.
  • Kontratazio araudian ezarritako moduetako edozein baliatuz jarritako bermea, urtebeteko tasari dagokiona adinakoa.

Terraza mahaidunak jartzeko berariazko dokumentazioa:

  • Jartzea aurreikusten den mahai-aulkien kopurua eta elementu osagarrien zerrenda, kopurua eta altzari-ereduak berariaz adierazten direlarik.
  • Kokalekuaren azalpena, planoan jasoa, eta instalatu nahi diren elementuek okupatuko duten luze-zabalaren eta horien kokapenaren xehetasunak, kokatuta.
  • Erantzukizun zibilerako eta suteen aurkako aseguru-saria ordainduta dagoela egiaztatzen duten agiriak.
  • Jardueraren fatxada baino gehiago okupatuko bada, aldameneko establezimenduen titularren berariazko baimena.

Aldi baterako itxitura duten terraza mahaidunak jartzeko berariazko dokumentazioa:

Instalazio proiektu teknikoa, eskumena duen teknikariak sinatua, honako hauek barne:

  • Txosten teknikoa, xehetasun hauek biltzen dituena:
    • Hartuko den luze-zabala eta instalatuko diren elementuen ezaugarriak.
    • Jardueraren funtzionamendua, aurreikusitako instalazioen ezaugarri teknikoak zehazten direlarik: instalazio elektrikoa, klimatizazioa, suteen prebentzioa, isolamendu akustikoa eta Irisgarritasun Legearen eta Jendaurreko Ikuskizunen Legearen ingurukoak.
    • 1:100 eskalako planoak, non argi eta garbi adierazi beharko baitira neurriak, sekzioak, oinplanoak eta alboetako, aurreko nahiz atzeko altxaerak.
    • Muntatzeko aurreikusten diren obrak.
  • Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, non adierazten den egitura aski egonkorra dela eta betetzen dituela suteen prebentzioari eta itzaltzeari, lekuak husteari eta sutearekiko erreakzioari dagozkien betebeharrak.
  • Instalazioaren aurrekontua.
  • Erantzukizun zibilaren eta suteen aseguruaren poliza, ostalaritza jardueraren ondoriozko edonolako arriskuak oro estaltzen dituena, ordaindua dagoela egiaztatzen duen agiria.

Berogailuak jartzeko berariazko dokumentazioa:

  • Ezaugarri fisiko, tekniko eta estetikoak.
  • Terrazaren planoa, berogailuak non jarriko diren adierazten delarik.
  • Kalitate-bermea eta Europar Batasunaren homologazio ziurtagiria.
  • Aseguru-kontratua, non terrazan berogailuak instalatzea aurreikusten den.
  • Gas ontziratua hornitzen duen enpresaren hornikuntza-kontratua.

Altzariek publizitaterik izango duten ala ez adierazi beharko da eskabidean -gehienez ere 0,20 x 0,20 metro hartu ahal izango du-. Orobat jarri ahal izango da establezimenduaren izena edo logotipoa, gehienez ere 0,60 x 0,20 metroko zerrenda hartuz.

Araudia

Oharrak

  • Baimena hautazkoa eta jabetzarik gabea izango da, eta lurzorua baimendutako horretarako erabiltzea galarazten duten interes publikoko zer-nolakoak egokitzen direlarik, baimena indarrik gabe utzi ahal izango da. Era berean, interes publikoagatik eta behar bezala arrazoiturik, edonoiz utzi ahal izango da bertan behera baimena, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, aplikatu beharreko araudiren batekin bateragarri ez bada -baita baimena emanez geroztik onetsia izanik ere-, jabari publikoari kalte egiten badio, interes publiko handiagoko jardueretarako erabiltzea galarazten badu edo erabilera orokorrari kalte egiten badio.
  • Baimen agiria edo kopia eta xehetasun-planoa kanpotik ikusteko moduko leku batean jarri beharko dira establezimenduan, eta udalaren ikuskaritza zerbitzuak eskuragarri izan beharko ditu.
  • Baimeneko baldintzak ez betetzeak Gasteizko ostalaritza establezimendu publikoetako eta horiekin parekatuetako terrazak arautzeko ordenantzan finkatutako zigortze erregimena aplikatzea ekarriko du berekin.
  • Atzematen delarik terrazak baimena eskuratu gabe jarri direla edo ez direla errespetatu emandako baimenean zehaztutako baldintzak, horiek berehalakoan kendu edo egokitzeko eskatuko zaio establezimenduaren titularrari edo arduradunari. Eskakizun hori aintzat hartzen ez bada, behar den laguntza eskatuko du udal ikuskaritzak, terrazak berehalakoan kentzeko.
  • Eskatzen den urterako emango da baimena, eta besterik gabe joko da luzatutzat -gehienez ere hiru urte arte, salbu eta interes publikoko egoeraren batek besterik badakar berekin edo baimenaren baldintzetan aldakuntzarik gertatzen bada-, aldeetakoren batek, dela administrazioak, dela titularrak edo aldameneko establezimenduko titularrak (baldin eta jardueran fatxada baino gehiago hartzen bada), kontrako asmorik jakinarazten ez badu, gutxienez ere luzapen-aldia hasi baino 15 egun lehenago.
  • Luzapenaren kontra agertuko da administrazioa kasu hauetan:
    • Terrazaren jarduera nagusiaren funtzionamenduak sortutako kalte edo eragozpenen ondorioz aldez aurretik prozedura arrazoiturik abiatu bada.
    • Baimenaren baitako baldintzak edo ordenantza bera ez direla bete frogatzen bada.
    • Tasa ordaindu ez bada.
    • Baimentzekoa den aldian baimena eman zeneko errealitate fisikoa aldaraziko duten jarduera publikoak gauzatzea aurreikusita badago.
  • Terrazak, ezinbestean, ebazpenari eransten zaion xehetasun-planoaren arabera jarri beharko dira, eta Gasteizko ostalaritza establezimendu publikoetako eta horiekin parekatuetako terrazak arautzeko ordenantzan finkatutako baldintza estetiko eta teknikoak aintzat harturik.
  • 8:00etan hasi ahal izango da terrazak jartzen, 8:30az geroztik funtzionatzen has daitezen, 23:00ak arte. Ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan ixteko ordua ordubete geroratuko da.
  • Oinezkoentzako eremu eta kaleetan instalazioaren funtzionamendu ordutegia ez da hasiko zamalanak egiteko ordutegia bukatzen denetik ordu erdi igaro arte.
  • Mahai-aulkien funtzionamendu ordutegia bukatzen denetik gehienez ere 30 minutuko tartean hustu beharko dira instalazio horiek. Mahai-aulkiak kendu eta garbiketa egiteko lanek ezingo dute 30 minututik gora iraun, instalazioa husteko denbora bukatzen denetik, eta zarata eta eragozpenik sortu gabe egin beharko dira.
  • Titularra behartuta egongo da altzari guztiak, eguzki oihala salbu, erabilera publikoko espazioetatik kentzera. Lokal pribatu batean gorde beharko dira, giltzapean, eguna bukatzean, eta okupatutako espazioa erabat garbi utzi beharko da. Funtzionamendu aldian, hau da, jarduera itxi arte, bai egongo da baimenduta erabilera publikoko espazioan bertan gordetzea.
  • Establezimenduaren titularrak garbitasun, segurtasun eta apaindura egoera egokian eduki beharko du, une oro, okupatutako espazioa, baita bertan jarritako instalazioak eta altzariak ere. Eratutako bermea atxiki ahal izango zaio hala egin ezean.
  • Udaltzaingoak ikuskatu eta kontrolatuko ditu establezimenduak, Gasteizko ostalaritza establezimendu publikoetako eta horiekin parekatuetako terrazak arautzeko ordenantzan araututako muga eta debekuak bete daitezen.

Izapidea hasi

Aurrez aurreko izapidetzea

San Martineko bulegoetan.

Oharrak

Azalpen gehiago nahi izanez gero, herritarrei laguntzeko bulegoetan, San Martineko bulegoetan, eta 010 argibideetarako telefonoan edo 945161100 telefonoan.

Agiriak 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 16.4. artikuluan ezarritako moduan bidali ahalko dira: aurrez aurre, legeak xedatutako bulego eta erregistroetako edozeinetan, edo posta bulegoen bidez.

Datuen Babesaren Araudi Orokorra betetze aldera, Gasteizko Udalaren pribatutasun-politika kontsulta daiteke, zeinen helburua baita webgune honetan eta beraren edozein azpidomeinu, mikrosite edo aplikazio mugikorretan, bai offline bai online jasotzen diren datu pertsonalen bilketa eta tratamendua arautzen duten baldintzak ezagutaraztea.