Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko (Eskola kalea 10) lokalak alokairuan uzteko deialdia

Argitalpen Data
31.10.2012
Jatorria
081901Servicio Administrativo
Oharrak

VITORIA-GASTEIZ

Ekonomia Sustapena

Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko (Eskola kalea 10) lokalak alokairuan uzteko deialdia.

2012ko irailaren 21ean egindako bilkuran onetsi zituen Tokiko Gobernu Batzarrak Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko lokalak alokairuan uzteko deialdia eta esleipena arautuko duten baldintza-orria. Era berean, deialdia eta oinarriak ALHAOn argitaratzea onetsi zuen.

Erabaki hura bete asmoz, argitara ematen da deialdi hori, honako baldintzen arabera:

Administrazio- eta ekonomia-baldintzen orria

Lehena.- Xedea

Baldintza-orri hauen xedea Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko lokalak alokairuan uzteko esleipen-prozesua arautzea da.

Bigarrena.- Lokalen kopurua eta ezaugarriak.

Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko honako lokalak eskaintzen dira alokairuan, erabilera motaren arabera sailkatuta:

a) Erabilera konpartitua (gune konpartituetan mahaia, aulkia eta banakako armairuak daude)

1. Beheko solairuan:

Insertar hoja 1

2. Lehen solairuan:

Insertar hoja 2

b) Banakako erabilera:

1. Beheko solairuan:

Insertar hoja 3

2. Lehen solairuan:

Insertar hoja 4

3. Estalkipeko solairuan:

Insertar hoja 5

Hirugarrena.- Zerbitzuen ezaugarriak

, zentroan lanean arituko diren profesionalen arteko lankidetza, trukea eta interakzioa sustatuko dituen lan-gunea garatu eta, horren bidez, pixkanaka "enpresa-komunitatea" osatu asmoz, jarduera-plan bat garatuko da, honako helburuak dituena:

1. Bertan egoitza duten enpresen artean harreman pertsonalak eta profesionalak sustatzea.

2. Sustatzaileen sormena eta lankidetzarako ahalmena lantzea.

3. Zentroko enpresa-komunitatea osatzen dutenen zerbitzu eta produktu eskaintzaren berri ezagutaraztea.

4. Bertan egoitza duten enpresen jarduera hobetzen lagun dezaketen lankidetza-bideak aztertu eta garatzea.

5. Zentroaren eta bertako enpresek zentrotik kanpokoarekin harremanetan jartzen lagun dezaketen sareak identifikatzea.

Laugarrena.- Udal lokalak eskuratu ahal izateko eskakizunak

Hautatze prozeduran parte hartu ahal izateko ondoko baldintza hauek bete eta justifikatu beharko dituzte eskatzaileek:

a) Enpresa berritzailea izatea; lehentasuna emango zaie negozio estrategiaren oinarritzat teknologia erabiltzearekin lotutako produktu, prozesu edo zerbitzuak dituztenei. Hona jarraian negozio estrategiaren oinarrian teknologikoa duten sektore, produktu edo zerbitzuen adibide batzuk:

- Ikus-entzunezkoen sektorea: ikus-entzunezko produktuak ekoiztu, banatu eta erakustera ematea.

- IKTen sektorea: sektore informatikoarekin lotura estu eta berariazkoa duten produktu, prozesu edo zerbitzuak: aplikazio mugigarrien garapena, iturri irekietako aplikazioen garapena, e-merkataritzako plataformen garapena.

- Sektore sozio-sanitarioa: IKTekin zerikusia izanik, osasunerako eta ongizaterako sorturiko produktu, prozesu edo zerbitzuak.

- Eraikuntzaren sektorea: IKTekin zerikusia izanik, etxebizitzentzako eta eraikuntzarako ondasun eta zerbitzuen ekoizpena: garapen domotiko eta inmotikoa, eta etxebizitza digitala, 3D prototipoen diseinua...

- Komunikazioaren sektorea: IKTekin zerikusia izanik, edukiak formatu digitalean sortu, antolatu eta banatzeko ondasun eta zerbitzuen ekoizpena: komunikazio integrala edo multimedia (web-orriak, identitate korporatiboa, infografiak...), zaintza estrategiko-teknologikoa...

- Turismoaren sektorea: IKTekin zerikusia izanik, turismoa sustatzera bideratutako ondasun eta zerbitzuen ekoizpena: geoinformazioa-geokokapena, eskaintza turistikoa 2.0 webean kudeatzeko plataformak....

- Eduki digitalen industriaren sektorea: hainbat esparru eta formatutan (ikus-entzunezkoak, bideojolasak,... ) eduki digitalak sortzea, aisialdi- eta kultura-kontsumoa (zonalde komertzialak, museoak, korrika eta ibiltzeko guneak eta abarrak ezagutarazteko ibilbide birtualak...).

- Automozioaren sektorea: automozioaren sektorera zuzendutako teknologia diseinatu eta garatzea: simulagailuak (gidatzearen eta bide segurtasunaren ingurukoak), automobil elektrikoa, garraioa eta logistikari aplikatutako zerbitzuak...

- Ingurumenaren sektorea: iraungarritasuna sustatzera zuzendutako produktu, prozesu edo zerbitzuak diseinatu eta garatzea: IKT berdeen garapena, energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraungarria, energia berriztagarriak...

b) Eskabidea egiten duen pertsona edo enpresak lokal propiorik ez edukitzea edo, denboraren poderioz, lokala eskas edo ezegoki bihurtzea jarduera bertan garatzeko.

c) Ekonomi Jardueren gaineko Zergan jarduera horretarako edo antzeko beste baterako -hots, lokala eskatzen den ildo bereko beste baterako- alta eman zenetik hiru urte baino gehiago ez igaro izatea.

d) Enpresa plan bideragarri bat edukitzea, Ekonomia Sustapenaren Sailak ontzat emana.

e) Jarduera zilegi eta etikoa garatzea, Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko azpiegitura eta logistika ezaugarriei egokitzen zaiena, eta ez ingurumenari ez gizartean inongo arriskurik sortzen ez duena.

Baldintza berberak eskatuko zaizkie udal lokala eskatzen duen enpresa-proiektuan gehiengo duten akzio-gehiengodunei -pertsona fisiko nahiz juridiko izanik ere-, helburua lehendik sendotuta dauden beste batzuetatik aparteko enpresa-proiektuei laguntzea baita.

Ezingo dute enpresa zentroko lokalik eskuratu bere ohiko funtzionamenduari kalte egiten dioten enpresa-jarduerek. Bestalde, ingurumenaren alorreko araudiaren mende dauden jarduerak burutzen dituzten enpresek hura betetzen dutela erakusten duten frogabideak aurkeztu beharko dituzte.

Ezingo dute enpresa zentroko lokalik eskuratu jarduera nagusia materialak edo salgaiak gordetzea edo horien banaketa duten proiektuek.

Bosgarrena.- Hasieran aurkeztu beharreko agiriak

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko lokalen bat eskuratzeko eskabidearekin batera:

- Eskabidea bera, Gasteizko Udalak emandako eredua baliatuz egina (argibide lekuetan eskuratu daiteke).

- Bideratu nahi den jardueraren enpresa-plana (jardueraren azalpena, izaera berritzailea eta oinarri teknologikoduna, zein merkatutara zuzendua dagoen, inbertsioaren eta enplegu-sorkuntzaren aurreikuspena, finantziazioa, behin-behineko finantza-laukiak).

- Sustatzaileen curriculum vitae-a.

- Gizarte Segurantzarekiko eta Foru Ogasunarekiko betebeharrak ordainduak direla egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.

- Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen 49. artikuluan jasotako kontratatzeko debeku egoeraren batean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.

- Zentroan pixkanaka enpresa-komunitatea sortzen laguntzearen alde lana egiteko konpromisoaren aitorpena.

Seigarrena.- Eskabideak aurkeztea.

Erdi Aroko Hiriguneko enpresa zentroko lokalak eskuratzeko eskabideak aurkezteko lehen epea 15 egunekoa izango da, deialdi hau ALHAOn argitaratzen denetik. Behin lehen esleipena ebatzi ostean, edozein unetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak, ez da epe itxirik izango.

Gasteizko Udalaren erregistro nagusian nahiz herritarrei laguntzeko bulegoetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak, edo, bestela, burofaxez bidali, edo Gasteizko Udalaren orrialde ofizialean ahal denean horretarako sortzen den sarbidea baliatu.

Zazpigarrena.- Hautaketa egiteko prozesua eta irizpide objektiboak.

Proiektu bakoitzak gehienez ere 37 puntu lortu ahal izango ditu. Irizpide hauek aintzat harturik balioetsiko dira proiektuak:

1. Enpresa-proiektua eta negozioaren bideragarritasuna. Enpresa-plana aztertuz balioetsiko da, eta, guztira, gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira. Honako hauek kontuan izango dira:

a. Sustatzailearen konpromiso-maila 6 puntu.

a.1 Enpresan erabateko dedikazioarekin lan egingo duen bazkide bakoitzeko 0,5 puntu emango dira, gehienez 4 puntura arte.

a.2 Sustatzaileek negozioan eta jarduera garatuko den sektorean duten esperientzia eta ezagutza 2 punturekin balioetsiko da.

b. Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa 5 puntu.

Aldagai hauek aintzat harturik egindako ekonomi eta finantza azterketaren sakontasuna balioetsiko da: finantziazio premiak; finantziazio iturriak; emaitzen aurreikuspena, bi urteren burura; errentagarritasun-atalasearen kalkulua; hileko diruzaintza-aurreikuspena, bi urteren burura...

C. Proiektuaren kalitate, azterketa eta garapen maila 5 puntu.

c.1 Produktu edo zerbitzuaren deskribapena.........1,25 puntu (honako hauek balioetsiko dira atal honetan: definizioa eta ezaugarri teknikoen azalpena, estaltzen dituen beharrak, berrikuntza maila 0,5 puntu)

c.2 Merkatuaren azterketa...........................1,25 puntu (honako hauek balioetsiko dira atal honetan: sektorearen ezaugarrien azterketa, eskariaren azterketa, konkurrentziaren azterketa, DAFO azterketa...)

c.3 Merkataritza plana..................................1,25 puntu (honako hauek balioetsiko dira: salmenten aurreikuspenaren azterketa, produktuaren politika, prezio-politika, banaketa-politika, komunikazio-politika, hazteko gaitasuna...)

c.4 Antolakuntza plana............................1,25 puntu (ekoizpen prozesuaren, horniduraren, baliabide naturalen eta besteren azterketa balioetsiko da, IKTen erabilera maila...)

d) Negozio proiektua oinarrian kode irekiko teknologikoa aplikatzearen bidezko produktu, prozesu edo zerbitzu berritzaileetan oinarritzen da.................. 5 puntu

e) Egindako inbertsioak 4 puntu.

Inbertsioko 5.000,00 euro banako 0,25 puntu emango dira.

2. Negozioaren antzinatasuna, proiektua aurkezteko unean. Sortu berriak diren negozioei 3 puntu emango zaizkie, urte bete baino gutxiago dutenei 1,5 puntu, eta urtebete eta bi urte bitartekoei, berriz, puntu bat. Atal honetan gehienez ere 3 puntu atera ahal izango dira.

3. Eskaria egiten den unean sorturiko lanpostu kopurua: puntu 1 mugarik gabeko kontratu bakoitzeko, 0,5 urtebetetik gorako kontratu bakoitzeko eta 0,25 urtebetetik beherako kontratu bakoitzeko. Atal honetan gehienez ere 8 puntu atera ahal izango dira.

Gainera, pertsona kontratatuek nolabaiteko ezintasunen bat badute, edota krisiak bereziki kaltetutako gizatalderen bateko kide badira (emakumeak, gazteak edo luzaroan langabezian daudenak) puntuazio gehigarria izango dute:

- 1,25 puntu gehiago, sortzen den mugarik gabeko kontratu bakoitzeko;

- 0,75 puntu gehiago urtebetetik gorako kontratu bakoitzeko;

- 0,5 puntu gehiago urtebetetik beherako kontratu bakoitzeko.

4. Emakumeen enplegua sustatzea: emakumeak buru dituzten proiektuek puntu bat izango dute.

5. Berdinketa sexu bereko pertsonek aurkeztutako proiektuen artean egokitzen bada, azalpen-txostenaren eta bideragarritasunaren atalean puntuaziorik handiena lortu duena nagusituko da. Irizpide hori aplikatu ondoren berdinketak jarraitzen badu, aurkeztutako eskabideen iriste hurrenkera hartuko da aintzat.

Zortzigarrena.- Esleitzeko era eta itxarote zerrendak.

Ekonomia Sustapenerako Saileko Enpresei Laguntzeko Zerbitzuko teknikariek balioetsiko dituzte eskabideak, aipatutako irizpideak aintzat harturik. Zazpi laneguneko epean jakinaraziko zaie interesdunei, gutun ziurtatuaren bidez edo posta elektronikoz, balioespen teknikoaren emaitza, eta hamar laneguneko epea izango dute horiek balioespen horren gaineko erreklamazioak aurkezteko.

Eskabidea onartzen zaien enpresen arduradunek bilera bat izango dute udal teknikariekin, lokala esleitu dakien, 15 eguneko epean.

Eskabidean lehenetsi den lokal motaren, enpresaren tamainaren eta hautaketa prozesuan eskuratutako puntuazioari jarraiki esleituko dira libre dauden lokalak.

Proiektua era positiboan balioetsi arren, aski lokalik ez eta halakorik eskuratzerik izan ez duten eskabideekin itxarote zerrenda sortuko da: urte natural bateko balioa izango du, eta interesdun orok aztertu ahal izango du Ekonomia Sustapenerako Sailaren iragarki taulan. Une horretan lokalik erabilgarri ez dagoelako lokalik esleitzerik ez dagoen proiektu bat ebaluatzen den bakoitzean eguneratuko da itxarote zerrenda.

Eskabidea aurkeztu deneko urte naturala bukatu ondoren, zerrendan dauden eskatzaileek berriro adierazi beharko dute bertan jarraitzeko nahia, hilabeteko epean. Pertsona horiei gutun ziurtatua bidaliko zaie, epea bukatu aurretik, betebehar hori gogorarazteko eta, hartara, ez dezaten zerrendan duten lekua gal. Hala egin ezean, galdu egingo dituzte sortutako eskubideak, eta horiek berreskuratzekotan berriro aurkeztu beharko dute proiektu tekniko bat, zeinek une horretan indarrean dauden betebeharrak bete beharko baititu.

Eskabidea berritzeko, aski izango da Gasteizko Udalaren argibide bulegoetan nahiz sailean bertan eskuratu ahal izango den eskabide-orria aurkeztea, zein lokaletarako lehiatu nahi den adierazten delarik bertan, eta orobat horien arteko lehentasun-hurrenkera. Itxarote zerrenden urtebete naturaleko balio-aldia amaitzen denetik egin ahal izango da eskabide-berritze hori, hots, urte bakoitzeko urtarrilaren lehenetik.

Delako itxarote zerrenda puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuko da, eta urte naturalaren barruan lokalen bat erabilgarri geratuz gero, hurrenkera horretan eskainiko zaie haren ezaugarriak dituen lokal bat eskatu dutenei.

Bederatzigarrena.- Kontratua formalizatzeko aurkeztu beharreko agiriak

Eskatzaile jakin bati lokala esleitzen zaiolarik, dokumentazio hau eskatuko zaio, kontratua idatzi eta sinatze aldera:

- Bere izenean nahiz ahaldun gisa proposamena aurkezten duen pertsonaren nortasun-agiriaren fotokopia, eta enpresaren IFZ, baldin eta eskabidea egiten den unean bertan eratu bada.

- Merkataritza Erregistroan inskribatutako eratze eta, hala badagokio, aldatze eskritura, aplikagarria zaion merkataritza legediak betebehar hori eskatzen duenean. Betebehar hori eskatzen ez bada, jarduteko gaitasuna egiaztatzeko, jarduera erregulatzeko arauak jasotzen dituen edo dituzten eratze eskritura, aldatze eskritura, estatutuak edo eratze akta baliatuko dira; dagokien Erregistro Ofizialean inskribatuta egon beharko dute, hala egin behar den kasuetan.

- Pertsona juridikoei dagokienez, baldin ez badu erregistroko titularrak eskabidea sinatzen, ahalordetze eskritura ere aurkeztu beharko da, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatua, eskabidea izenpetzen duen pertsonaren alde, Administrazioarekin kontratuak egiteko ahalmena ematen duena.

- Urriaren 30eko Sektore Publikoko Kontratuen 30/2007 Legearen 49. artikuluan jasotako egoeretako batean ere ez dagoela egiaztatzen duen agiria.

- Gizarte Segurantzarekiko eta Arabako Foru Ogasunarekiko ordaindu beharrak ordainduak direla egiaztatzen duen egiaztagiria.

- Banku kontuaren jakinarazpena, gastu komunak eta alokairuari dagozkienak kobratzeko.

- Deialdian parte hartzeko bete beharreko baldintzak (8. artikulua) betetzen dituela adierazten deneko zinpeko aitorpena, bai eskatzailearena, pertsona fisikoa nahiz juridikoa delarik ere, bai azken horretan gehiengo duten bazkideena.

- Lehendik eratutako enpresa bat baldin bada, Ekonomi Jardueren gaineko Zergari dagokion izen-emate agiria.

- Eratze eskritura, Ekonomi Jardueren gaineko Zergan izena eman izanaren agiria eta enpresaren IFZa aurkeztea gerorako utzi ahal izango da eskabidea egiten denean enpresa artean eratu gabe badago. Dokumentazio hori gerora aurkeztu beharko da, gehienez 15 eguneko epean, enpresa eratzen denetik.

Adierazten diren agirien jatorrizkoak edo administrazioak nahiz notario batek behar bezala legeztatu edo erkatutako kopiak aurkeztu beharko dira.

Nolanahi ere, lokala esleitu eta kontratua izenpetzea betebehar guztiak betetzearen mende egongo da beti. Betebeharren bat betetzen ez bada, dena delako esleipena baliorik gabe geratuko da.

Hamargarrena.- Kontratuak formalizatzea.

Alokairu-kontratuak idatziz formalizatuko dira, gehienez ere 30 eguneko epean, lokala esleitzen denetik. Esleipendunaren kontura izango dira kontratua formalizatu nahiz eskriturak egitearen ondorio diren notario eta erregistro gastuak, zergak eta gainerakoak.

Hamaikagarrena.- Alokairuaren baldintzak.

1. Enpresa zentroetako alokairuen gehienezko iraupena bost urtekoa izango da.

Honela egingo da:

- Lehenik diruz lagundutako bi urteko kontratu bat sinatuko da. Gerora, hiru bider berritu ahal izango da kontratua, urtez urte (zentroko gehienezko egonaldia, beti ere, bost urtekoa izango da), baina diru-laguntzarik gabe.

Udal zerbitzu teknikoek aztertu beharko dituzten egoera zehatzak aintzat harturik (esate baterako, jarduera aldatuko deneko instalazio berriak oraindik erabilgarri ez edukitzea, errentariari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik; urtaro edo denboraldi jakin batekoak diren jardueretan sor daitekeen kaltea, eta abar), bost urteko gehienezko epe hori luzatu ahal izango da, aparteko egoeratzat joz, gehienez ere urtebetez. Horretarako, kontratu berri bat sinatu beharko da, eta bertan adieraziko da udal teknikariek zehaztu eta errentariarekin adostutako amaiera-data.

2. Esleitutako lokalak bertan burutzen den jarduerarako egokia izateari uzten badio, enpresek hura baino handiagoa edo txikiagoa den batera aldatzea eskatu ahal izango dute, baldin eta une horretan ezaugarri horiek dituen lokal librerik geratzen bada. Horretarako, enpresak eskabide formala aurkeztu beharko du, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak azalduz; jarraian, Udalaren zerbitzu teknikoek onespena eman beharko diote aldaketari. .Aldaketa horren ondorioz ez da Udalaren Enpresa Zentroetako araudiaren 12. artikuluan jasotzen den egonaldiaren epea luzatuko, ezta hobariak emateko araudi bereko 14. artikuluan jasotzen direnak ere.

3. Kontratu berria egiteko erabakia hartzea udalari dagokio, errentariak hala eskatu eta udal zerbitzu teknikoek aldeko txostena egiten duelarik. Txostena kontratu berria egitearen kontrakoa bada, arrazoitu egin beharko da, eta errentariari entzunaldia eskaini.

4. Errentariak hitzartutako epea bukatu aurretik jo ahal izango du kontratua iraungitzat. Nolanahi ere, gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko du, idatziz. Kontratua amaitu baino lehen lokalari uko egiten dion enpresek ezin izango dute aurrerantzean lokalik eskatu ahal izango.

Hamabigarrena.- Alokairu prezioa zehaztea.

Alokairuaren hileko prezioa ezingo da lokalaren salmenta balioaren ehuneko 6aren hamabiren batetik beherakoa izan. Hain zuzen ere, Gasteizko Udaleko Plangintza eta Hirigintza Kudeaketaren Zerbitzuko balioespen atal teknikoak onetsiko ditu prezioak. Adierazitako errentari dagokion BEZa erantsi beharko zaio.

Kontsumo Prezioen Indizearen bilakaera-ehunekoaren arabera eguneratuko da urtero. Adierazitako errentari dagokion BEZa erantsi beharko zaio.

Orobat ordaindu beharko du errentariak gastu komunak direla eta dena delako lokalari egokitzen zaion diru-kopurua, zein errenta eguneratzen den modu berean eguneratuko baita.

Hamahirugarrena.- Errentaren gaineko hobaria.

Udalaren enpresa zentroen programaren helburuak kontuan izanik, lokalaren errentak ehuneko 50eko hobaria izango du alokairuaren lehenengo bi urteetan.

Hamalaugarrena.- 2012ko prezioak.

a) Erabilera konpartitua

Insertar hoja 6

b) Banakako erabilera:

Insertar hoja 7

Hamabosgarrena.- Lokalaren erabilera.

1. Errentaria beharturik egongo da lokala dena delako ekonomi jarduerarako baliatzera, eta ezingo du errentan hartutako lokalaren zertarakoa aldatu eta jarduera horri dagozkion ohiko ekoizpen eta merkataritza-trafikoaz bestetarako baliatu. Gainera, enpresaren egoitzatzat hartu beharko du enpresak esleitutako lokala, eta bertan garatu bere jarduera nagusia hura alokatuta daukan denbora guztian.

2. Horrek esan nahi du ekoizpen lanak nahiz zerbitzu eskaintza benetan burutu beharko direla lokalean, modu etengabe eta iraunkorrean. Ekonomi jarduera bultzatu eta enplegua sustatzea delarik alokatzearen helburu nagusia, hori betetzen ez dela ulertuko da baldin eta lokala hiru hilabetetik gora egoten bada itxita, errentariari lepora dakizkiokeen justifikaziorik gabeko arrazoiengatik. Lokala ixtea edo jarduera bertan behera uztea errentariari leporatu ezin zaizkion ezinbesteko arrazoiengatik gertatzen bada, ez da joko ez betetzetzat, nahiz eta halakoetan udal teknikariek, sustatzaileekin batera, proiektuaren bideragarritasuna eta enpresak zentroan jarraitzearen egokitasuna aztertu ahal izango duten.

3. Orobat egongo da errentaria behartuta lokala zer jardueratarako hartzen duen hartarako beharrezko diren lizentziak, baimenak eta beste egunean edukitzera, ingurumenaren alorreko baimenak barne, baita enpresak enpresa zentroan bideratzen duen jardueraren ingurumen-alderdiak egoki kudeatzen dituela erakustera ere. (Enpresa zentroko udal teknikariek eskatu ahal izango dute dokumentazio hori).

4. Baldin eta proiektua onartu ondoren lokalean burutzekoa zen jarduera aldatu nahi bada, udal zerbitzu teknikoen aldeko txostena eskuratu beharko da aldez aurretik.

5. Ekonomia Sustapenerako Saileko teknikariek udal lokalak ikuskatu eta kontrolatzeko bisitak egingo dituzte sei hilean behin.

Hamaseigarrena.- Jarduerari hasiera ematea.

Gehienez hilabeteko epean eman beharko dio hasiera jarduerari esleipendunak, alokairu kontratua formalizatzen den egunetik kontatuta. Behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio udal zerbitzu teknikoek hala egitea egoki ikusten badute, eta hala onartzen, epe hori luzatzerik izango da.

Hamazazpigarrena.- Lokala onik zaintzea.

Errentaria behartuta egongo da errentan hartutako lokala onik, garbi eta txukun zaintzera, baita lege-arauen ildotik bere jarduera burutzeko beharrezko diren egokitze obrak egitera ere.

Hemezortzigarrena.- Lanak lokalean.

1. Lokal eskabidearekin batera aurkeztutako txostenean adierazitako jarduerarako egokitzeko beharrezko diren obrak oro egin ahal izango dira (erabilera konpartitutako jatorrizko egoera alda ditzaketenak izan ezik), aldez aurretik Gasteizko Udalaren baimena eskuratu beharko bada ere. Obra horien nahiz baimen, lizentzia eta gainerako izapideen kostuak errentariaren kontura joango dira.

2. Kontratua bukatzean, baldin eta obrak modu iraunkorrean loturik badaude lokalari, hura nabarmenki hondatu gabe ezin direlarik hartatik bereiz, bertan utzi beharko dira, eraikinaren mesedetan, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

3. Nolanahi ere, lokala errentan hartu zenean zegoen egoera berean itzul dadila galdatu ahal izango du udalak, kontratua amaitzean.

4. Hobekuntza-obrak. Errentaria behartuta egongo da pisuzko arrazoiak direla medio alokatzaileak alokairua bukatu arte atzeratu ezin dituen hobekuntza-obrak egin ditzala jasatera. Halako obraren bat egiteko asmoa badu alokatzaileak, gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio errentariari, idatziz, zer obra egitekotan den, noiz hasiko den, zenbat iraungo duten eta zer kostu aurreikusten duen. Hilabeteko epean, jakinarazpen hori jasotzen duenetik, errentariak kontratuari uko egin ahal izango dio, inongo kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

Obrak jasaten dituen errentariak eskubidea izango du horien ondorioz lokalaren zer parte erabiltzea galarazten zaion, horren proportzioko errenta-murrizketa egin dakion.

Hemeretzigarrena.- Alokairua ordaintzea.

Errenta eta gastu komunak hilero ordaindu beharko dira, hilabete bakoitzeko lehenengo hamabost egunetan, toki ogasunaren bulegoetan edo banku helbideratzearen bitartez.

Hogeigarrena.- Banako gastuak.

Errentariaren eta ez besteren kontura joango dira honako gastu hauek:

- Banako kontagailua duten zerbitzuak baliatzearen ondorio direnak, hala nola ura, gasa, argindarra edo telefonoa.

- Aseguruari, garbiketari, mantentze lanei eta eraikinean instalatutako ondasunen ohiko berrezartzeari dagozkienak.

- Negozioari dagozkion eta haren ondorioz ezartzen diren zerga, kontribuzio eta bestelakoak.

Hogeita batgarrena.- Lokalaren gaineko debekua.

Errentariak ezingo du berak errentan hartutako lokala, osorik nahiz parte bat, besteri alokatu, laga edo zergapetu. Debeku hori urratzeak kontratua erabat amaitutzat jotzea ekarriko du berekin.

Ez da egoera hori egokitu denik ulertuko, eta, beraz, lokala zertarako laga zen, proiektu horri dagokion jarduerari eutsi egiten zaiola esan nahiko du, izena, forma juridikoa edo akziodunak aldatzen direlarik ere, baldin eta aldakuntzaren aurreko jarduerari eta langileriari eusten bazaie eta, pertsona fisiko edo juridikorik biltzen bada ere hartara, baldintza-orri honetako zazpigarren puntuan (hautatze irizpide objektiboak) finkatutako baldintzak betetzen baditu.

Hogeita bigarrena.- Bermeak.

Kontratua izenpetu aurretik, eta horrek berekin ekarriko dituen betebeharrak beteko dituela ziurtatze aldera, errentariak bermea ezarri beharko du, zein diru-laguntzarik gabeko bi hilabeteko prezio edo errentaren parekoa izango baita. Berme hori udaletxean dirutan ordainduz ezarri beharko da, edo, bestela, behar bezala adostutako banku-abal baten bitartez.

Alokairu-harremana bukatu arte eutsiko zaio berme horri, eta ez da eguneratu beharrik izango kontratu berririk formalizatzen bada.

Hogeita hirugarrena.- Zigorrak.

Errentariak araudi honetan eta kontratuari aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betebeharrak betetzen ez baditu, bermearen parte bat nahiz berme osoa bahituz zigortu ahal izango da, entzunaldi izapidearen ondoren, eta, horrez gain, kontratua bertan behera utzi eta indarrean dauden arauen arabera aplika daitezkeen bestelako neurriak hartu ahal izango dira.

Hogeita laugarrena.- Errentariaren erantzukizuna.

Enpresa zentroan bideratzen dituen jardueren ondorioz udalari nahiz besteri eragiten zaizkion kalte eta galera ororen erantzule alokairuaren titularra izango da, eta, aitzitik, Gasteizko Udalak ez du inongo erantzukizunik izango horretan.

Hogeita bosgarrena.- Ebazpena.

Betebeharrak ez betetzearen inguruko arrazoi orokorrez gain, kontratua bertan behera uztea ekarriko dute honako hauek ere:

- bi hilabeteko errenta ez ordaintzeak,

- jarduerari hitzartutako hilabeteko epean ez ekiteak,

- jarduera behin betiko bertan behera uzteak,

- alokatutako lokala, osorik nahiz parte bat, besteri laga, berralokatu edo zergapetzeak,

- errentariari lepora dakizkiokeen arrazoiengatik lokala bi hilabetetik gora itxita egoteak,

- jarduera baimenik gabe aldatzeak,

- errentariak araudi honetan, deialdiaren berariazko oinarrietan eta kontratuari aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako gainerako betebehar eta obligazioak ez betetzeak.

Hogeita seigarrena.- Eskumenak.

Kontratu horiek gauzatu eta betetzeari nahiz dituzten ondorioei dagokienez sortzen diren auziak ebazteko Gasteizko jurisdikzioan horretarako eskumena duen epaitegira joko da.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko ekainaren 4an. Ekonomia Sustapenerako administrazio burua, Lucio Crucelegui.

Web orrian argitaratzen den informazioa, baldin eta datu pertsonalak jasotzen baditu, datu pertsonalak babesteko indarreko legeriarekin bat dator eta publikotasunaren, lehia askearen eta gardentasunaren legezko printzipioak betetzea du helburu bakartzat.

Zerrenda horietarako sarbidea ez da publikoa eta ezin izango dira erreproduzitu -ez osorik ez zatika-, ezta informazioa berreskuratzen duen sistema batez transmititu edo erregistratu ere, interesdunek horretarako baimena eman ezean.